XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

11 ZIRKUITU KONBINAZIONALAK

11.1 ZIRKUITU KONBINAZIONALEN EZAUGARRIAK

Gai honetan, erabilpen anitzeko zirkuitu konbinazionalak besterik ez ditugu aztertuko

Dena dela, aurreko gaietan azaldu ditugun funtzioetako batean edo hainbatetan oinarrituta egindako edozein diagrama logiko ere talde honetako zirkuitu bat litzateke.

Aurreko gaiko sintesi-ereduak azken esaldiaren adibide ona dira.

Zirkuitu konbinazionala honakoa da: hainbat sarrera eta irteera dauzkaten oinarrizko funtzio logikoz osatuta dagoen zirkuitua, non funtzioen irteerak sarrerek hartzen duten egoeraren eta beren barne-egituraren menpe bakarrik baitaude.

Zirkuitu konbinazionala diseinatzeko prozesua, egitaula definituz hasi behar dugu.

Gai honetan, ateen bidez eginiko erabilpen anitzeko zirkuitu konbinazional sinpleen eraiketa edo garapena jorratuko dugu, diseinatzeko gaitasuna lantzeko asmoz.

MSI teknologiaz eginiko zirkuitu konbinazionalak ere aztertuko ditugu, irakurlea bloke integratu horien ezaugarri-orrietara ohitu dadin.

Sistema edo zirkuitu konplexua diseinatzeko asmoa edukiz gero, eta katalogoetan dauden MSI bloke integratuak oso ugariak direnez, hobe da halako zirkuituez baliatzea norberak ate soilez eraikitzea baino.

Erabilpen anitzeko zirkuitu konbinazionalak dira, esate baterako: kodegailuak, deskodegailuak, multiplexadoreak, desmultiplexadoreak, konparadoreak, paritate-sorgailuak eta detektoreak eta, azkenik, kode-bihurgailuak.

Jarraian aztertuko ditugu funtzio horiek guztiak eta funtzio horiek egiten dituzten gailuak.

11.2 KODEKETA ETA DESKODEKETA

Zirkuitu digital guztien funtzionamendua beren sarreretan seinale digitalak ezartzea eta irteeran seinale digitalak ateratzea izaten da.

Ikusi genuenez, seinale digitalak bi tentsio-mailaz osatuta daude (maila altuaz eta maila baxuaz).

Bi maila horiek, berriz, ateak eta gainerako bloke integratuak osatzen dituzten oinarrizko osagai elektronikoen bi egoera egonkorrei (ebakidurari eta asetasunari) dagozkie.